Kontzilia aintzatespena: kudeaketan integratutako kontziliazioa

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeak erakundeen kudeaketan duen integrazio-maila aitortzea du helburu. Ekimena EUSKALITek garatutako Kontziliazioaren Kudeaketarako Gidan oinarritzen da, eta Kudeaketa Aurreratuaren Eredua hartzen du erreferentziatzat.

Edozein euskal erakunde publiko edo pribatuk, edozein dela ere bere sektorea, tamaina edo forma juridikoa, Kontzilia Aintzatespena jasotzeko aukera izango du. Sistemak izaera progresiboa du, eta honako helburu hauek ditu: kudeaketan kontziliazioa modu egituratu eta sistematikoan txertatzea bultzatzea, erantzukizuna eta aukera-berdintasuna sustatzea, eta lurraldearen lehiakortasun jasangarrian laguntzea.

Kontzilia aintzatespena lau mailatan egituratzen da, eta hainbat heldutasun-maila islatzen dituzte estrategian, pertsonengan, bezeroengan, gizartean, berrikuntzan eta erakundeen emaitzetan integratzean.

Lau aurrerapen-maila:

Kontzilia URDINA

Maila hori egoera-diagnostiko baten bidez lortzen da, baita Kontziliazio plan edo baliokidea izan daitekeen dokumentu baten bidez ere.

Kontzilia BRONTZEA

Maila honetan, Kontziliazio plan bat edo dokumentu baliokide bat izateaz gain, gutxienez hobekuntza ziklo bat eduki behar da. Gainera, autodiagnostiko bat egin beharko da “Kontziliazioaren kudeaketarako gidarekin”, eta hobekuntza plan bat eduki beharko da.

Kontzilia ZILARRA

Maila horretan, Kontziliazio plan bat edo dokumentu baliokidea izatea, gutxienez hobekuntza ziklo bat izatea, “”Kontziliazioaren kudeaketarako gidarekin”” autodiagnostiko bat egin izana eta hobekuntza plan bat izateaz gain, gutxienez erakundeko pertsona bat kontziliazioaren kudeaketaren kanpo ebaluatzaile gisa trebatuta egon beharko da, eta kontziliazioaren kudeaketaren kanpo ebaluatzaile gisa parte hartu beharko du. Bestalde, kanpoko laguntzarekin ebaluazio bat jaso beharko da, eta Estrategian eta Pertsonetan Garatutako Maila lortu beharko da.

Kontzilia URREA 

Maila hori lortuko dute Zilar Mailako betekizun guztiez gain, kanpoko laguntza izan duen ebaluazio batean 4 ataletan (Estrategia, Pertsonak, Emaitzak eta beste bat) Garatutako Maila lortu duten erakundeek.

Kontziliaziorako mugimendu honekin bat egin nahi duzu?

Aintzatespen ibilbide horrek aukera ematen die erakundeei hasierako konpromisotik kontziliazioaren kudeaketaren garapen aurreraturaino eboluzionatzeko, pertsonen ongizatea eta lan-giroa indartuz, berdintasuna bultzatuz eta koherentzia, sentsibilitatea eta gizartearekiko konpromisoa ekarriz.