EUSKALITek Eusko Jaurlaritzaren BasquESG ekimenean parte hartzen du, euskal ETEen lehiakortasuna eta iraunkortasuna sustatzeko

25/11/2025Euskalit

Eusko Jaurlaritzak BasquESG ekimena aurkeztu du. Euskadi 2030 Industria Planean jasotako proiektu eraldatzaileetako bat da, eta jasangarritasunaren txostena eta ebaluazioa egiteko sistema propio bat sortzea du helburu, euskal ETEen errealitatera egokitua.

BasquESGrekin, ESG (Environmental, Social and Governance) estandarrak ezartzeari dagokionez, Euskadi Europako erreferentziazko lurralde gisa finkatu da, lankidetza publiko-pribatuari esker. Parte hartuko duten euskal enpresa handiek (Iberdrola, Petronor, ITP Aero, Ingeteam, CAF, Mercedes Benz eta Sidenor) enpresa hornitzaileak eramango dituzte, batez ere ETEak. EAEko bi finantza-erakunde nagusiak ere gehitu behar zaizkie, Kutxabank eta Laboral Kutxa. Horien zeregina izango da kapitala mobilizatzea ingurumen, gizarte eta gobernantza irizpideak (IGGren irizpideak) betetzen dituzten enpresetara, eta, horrela, jasangarritasuna sustatzea ekonomian.

Enpresa bultzatzaileez eta finantza-erakundeez gain, EUSKALIT ekimenaren parte ere bada, parte hartzen duten ETE guztiei laguntza emateaz eta prestakuntza eta gaikuntza eskaintzeaz arduratzen dena.

Ihobe sozietate publikoa izango da proiektuaren idazkaritza teknikoa egingo duena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila buru dela, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailarekin eta Lehendakaritza Sailarekin lankidetzan.
Ekimenak kanpoko talde aholkulari bat ere izango du, Confebask, Elkargi, MONDRAGON Corporation eta Eusko Ganberak elkarteek osatua.

Enpresa handiek eta finantza-erakundeek eskatzen dizkieten jasangarritasun baldintzak erraz eta modu homogeneoan betetzeko aukera emango die BasquESGk ETEei, bikoiztasunak saihestuz eta dokumentuen kudeaketa sinplifikatuz. Finantzaketarako eta merkatu berrietarako sarbidea hobetzen ere lagunduko du, jasangarritasun txosten aitortuak eta Europako araudiarekin bat datozenak izango baititu.

Ekimena berehala jarriko da martxan, proiektu pilotu baten bidez. Proiektu horren helburuak dira euskal enpresetan aplikagarritasuna ezagutzea eta EAEko gainerako ETEetan behin betiko hedapena prestatzea.